TOURING KE-k adin txikikoen aurkako indarkeriaren aurrean jarduteko eta jazarpen eta abusu sexuala prebenitzeko protokolo bat sortu du Realaren gidaritzapean
Denbora batetik hona TOURING KE-n Realak bultzatu eta gidatutako “JOKO OK” kirol arloan indarkeriaren aurrean haurrak eta nerabeak babesteko, eta sexu jazarpena eta abusuak prebenitzeko programa lantzen aritu da.
Programa honen bitartez, hausnarketa, sentsibilizazio eta prestakuntza lan bat egin nahi izan da klubeko eta ingurukoen artean heziketa bultzatzeko; hezkuntza baita giltza jokabide desegokiak prebenitzeko.
Ondorioz, protokolo bat garatu dugu haur eta nerabeen aurkako indarkeria zein helduen aurkako indarkeria sexualaren aurrean jarduteko. Honen bidez, TOURING KE-ko kide guztiek posta elektroniko bat eta telefono zenbaki bat eskuragarri izango dute aipaturiko egoerak pairatuz gero, norbaitek pairatu dituela jakinez gero, edo jokabideren baten inguruan zalantzak izanez gero, TOURING KE-k izendatu duen babeserako ordezkariarekin harremanetan jartzeko.
Horrez gain, protokolo honen bitartez klubeko alor ezberdinetan prebentzio neurri espezifikoak hartuko dira kirol arloan gertatzen den indarkeriaren inguruan sentsibilizazioa sustatzeko.
Bide batez eskerrak eman nahi dizkiogu Realari eskeinitako laguntzagatik. Ekimenaren sustatzailea izateaz gain, Ainhoa Azurmendi Psikologoaren gidaritza eduki dugu bertaratu garen zuzendaritzako kide, klubeko langile, entrenatzaile eta jokalariek. Sentsibilizazio, prebentzio eta aholkularitza jaso dugu egin ditugun saio desberdinetan.
Azken iruzkinak